
Zure kanpaina orrialdea sortzeko aholkuak
Hona hemen jakin behar duzun eta prestatu behar duzun guztia kalitateko kanpaina bat sortzeko eta arrakasta izateko aukerak areagotzeko.
Aholkuak kanpaina baten sorkuntzako alderdi garrantzitsu bakoitzerako
Ezagutu ezazu zehazki zeure crowdfunding kanpaina prestatzeko kontuan eduki beharrekoa duzun atal bakoitza.
Mezua, hizkuntza mota eta publiko helburua
Xehetasunetan sartu aurretik kontuan eduki behar duzu crowdfunding solidario edo dohaintzakoaren helburua batez ere jende asko konbentzitzea dela zure kanpainan parte hartzeko edo zure kanpainako onuradunei laguntzeko.
Gehienbat etxean beren telefono edo ordenagailuarekin dauden pertsonak izango dira eta guk erakarri eta sentsibilizatu egin behar ditugu eta beren laguntza ezinbestekoa dela sinestarazi behar diegu.
Hizkuntzak argia eta erraza izan behar du, ez gara ari administrazio edo erakunde batekin; hori dela eta, alde batera utzi behar dira formalismoak. Jendeak ez dauka gure testua irakurtzeko obligaziorik; horrexegatik, hark argia eta erraza izan behar du, hizkuntza zuzena erabiliz eta dagoen informazio guztia ahalik eta era ulerterrazenean emanez.
Jendea sentsibilizatzea bezain funtsezkoa da segurtasuna eta konfiantza eskaintzea.
Izenburua eta sinopsi edo laburpena
Bai izenburuak eta bai laburpenak deigarriak izan behar dute eta argi utzi dirua biltzeko kanpaina bat dela eta ekintzarako dei egiten duela.
Izenburuan joka daiteke askatasun handiagoz, originala izaten saiatu… gehienez 120 karaktere izango dituen laburpenean, ordea, argi utzi behar da laguntza eskatzen dela eta zer kausatarako eskatzen den. Adibidez: “Parte har ezazu…(norekin)… lor dezagun …(zer)…(non)…”. “Lagun iezaguzu …(zertan)… (zertarako)…”. “Premiazkoa dugu zure laguntza… (zertarako)…(non)…”
Kontuan eduki jende gehienak horixe bakarrik irakurriko duela eta bere arreta erakarri behar dugula.
Helburu ekonomikoa eta data muga
- Helburu ekonomikoa
Kukumikun helburu ekonomikoa edukitzea derrigorrezkoa ez den arren, betiere guztiz gomendagarria da, emaileengan lortu beharreko xedearen, iritsi beharreko jomugaren sentsazio hori sortzen duelako.
Ahalik eta errealistena izatea gomendatzen da. Gehiago pentsatu behar dugu lortzeko gauza sentitzen garen zerbaitetan, eta ez zer gustatuko litzaigukeen lortzea.
- Data muga
Data betiere hedapen planaren, premien eta proiektu motaren araberakoa izango da Gutxienez 40 egunekoa izatea gomendatzen da, baina eduki dezake nahi dugun iraupena, egun bakar batekoa bada ere. Baina horretarako arrazoiren bat ez badago behintzat, ez da batere gomendagarria oso kanpaina laburrak egitea, denbora behar baita zabalkundea gauzatzeko, prentsaurrekoak emateko, enpresen ekarpenak, ekitaldiak antolatzeko, hitz batean, ahalik eta jende gehiena konbentzitzeko.
Irudi nagusia / Bigarren mailako irudiak
- Irudi nagusia
Saia zaitez erakargarria eta kalitatekoa izan dadin eta zuren kanpainaren adierazgarria. Gehienez 1MB. Saia zaitez espazioaren proportzioetara egokitzen, gutxienez 750x500pixel.
Kontuan eduki zure kanpainako garrantzitsuena izango dela eta bera ikusiko dela kanpaina sare sozialetan partekatzean (FB, Twitter…) edota kanpaina beste web batzuetan integratzeko Widgetean.
Ahal den neurrian pertsonak agertzea gomendatzen da, ahal bada, onuradunak, lehen planoan eta jarrera alaian.
- Gainerako irudiak
Gainerako irudiak ere (gehienez 4) kalitate eta neurri berekoak izango dira eta galeria nagusian edo testuan txertatzen dituzun lekuetan agertuko dira.
Historia
Gogoan eduki, gehienbat, beren etxeetan dauden pertsona partikularrei zuzentzen zatzaizkiela. Hizkuntza argi eta erraza erabiliz azaldu behar diezu zertan datzan zure kanpaina, norentzat biltzen den dirua, nor arduratzen den, non, eta zergatik den garrantzitsua jendeak parte hartzea.
Informazioa garrantzi handiena daukanetik txikiena daukanera ordenatzea gomendatzen dugu.
Zati ezazu informazioa paragrafotan eta, ahal baduzu, ipini izenburua bakoitzari, egituratzeko eta irakurketa errazteko.
Tarteka itzazu bizpahiru irudi paragrafoen artean, azaltzen ari zarena ilustratzeko eta irakurketa atseginagoa izan dadin.
Gardentasuna / Diruari buruzko informazioa
Atal honetan proiektuaren informazio ekonomiko guztia aurkeztu behar duzu. Zeure aurrekontua xehatu behar duzu, dirua zertan erabiliko duzun azaldu, non erabiliko duzun eta, azken batean, emaileei konfiantza eta segurtasuna eman diezaiekeen informazio guztia, jakin dezaten euren dirua modu arduratsu eta errealistan erabiliko dela.
Kanpainaren sustatzailea
Atal honetan azaldu dezakezue inon baino hobeki nor edo nortzuk zareten, nongoak, zer esperientzia daukazuen, edo zertan diharduzuen, ea enpresa, GKEa, edo beste erakunderen bat zareten…
Bideoa (hautazkoa baina guztiz gomendagarria)
Derrigorrezkoa ez bada ere, eta kanpaina askok bideorik gabe finantzatzea lortu badute ere, guztiz gomendagarria da bideoaren laguntza. .
Laburra izatea gomendatzen da: minutu batetik bira. Hori bai, EZ diguzu bideoaren artxiboa bidali behar, URL/esteka baizik, Youtube edo Vimeon jasota
Hizkuntzak
Nahiz eta oraingoz webgunea 4 hizkuntzatan bakarrik dagoen eskuragarri, sor ditzakezu testuak nahi duzun hizkuntzan.
Zozketak eta Matchfunding
- Zozketa solidarioak
Zure kanpaina hedatzeko laguntza gisa zozketaren bat gehitzea pentsatua badaukazu, gogoratu beste formulario bete behar duzula zeure erabiltzaile alorretik, behin kanpaina sortu ondoren.
- Matchfunding
Matchfunding deritzona erreminta berri bat da enpresak edo erakundeak zure kanpainan inplikatzeko eta lortzen dituzun ekarpenak biderkatzeko.